BEGIRA

 Lezo aldetik berri pozgarria jaso genuen, 2009 urteko “KIROLAK SARIA” gehien nabarmendu den ikastetxeari Lezo Herri Eskolari eman ziotela jakinarazi zigutenean. Urte askotan egindako lanaren ondorio gozagarri eta beste hainbeste urteetan egin beharrekoaren sugarri. Sari hau eskola kiroleko estruktura osatzen duten bidelagun eta parte-hartzaile guztiekin konpartitu nahi eta behar dugu. 

gipuzkoa saria 3
 Diario Vasco-ko GIPUZKOA SARIen berri osoa ikusteko; Gipuzkoa Saria

 

Lezoko eskola kiroleko batzordea, herri eskolaz gain, Hezikuntza guraso elkarteak, Lezo institutuak, batzordearen eskola kiroleko koordinatzaileak eta udalak osatzen dugu. Bertan antolatzen eta erabakitzen dugu egiten dugun guztia; hortaz, lortutakoak (oraingoan saria) eta hanka sartzeak denonak dira.

14 urte bete dira gaur egungo estrukturaren lehen harriak jarri zirela; lehen ikasturte horietan, Txema Toval aita eta Pilar Azpeitia irakaslearen eskutik, gogo eta ilusio dosi handiak medio zirela hasi ziren lehen taldeak osatzen eta kirol hastapeneko lehen oinarriak lezoko haurrei transmititzen. Hasieratik bai bikote sustatzaile honek, bai herri eskolak eta Hezikuntza guraso elkarteak argi zituzten balore hezitzaileak eta partaidetza irekia izan behar zirela jardueraren ardatz.

Eskola kiroleko eskaintza eta jarduera, sendotzen joan ziren ikasturteak aurrera joan ahala.  Honi, eskualdeko eskola kiroleko mahaiaren osaketa eta indar hartzea gehitu zitzaion. Bertan parte-hartzeak, ildo berean lan egin nahi zuen beste pertsona batzuk ezagutzea  ekarri zuen. Eskualdeko mahaiak, eskola kiroleko jarduera poliki-poliki, ikastetxeek eta garai hartan udal kirol teknikari bakarrak finkatu zituzten balore berrien inguruan (eredu zaharretatik alderatzen hasiaz) antolatzeko aukera eman zuen.

gure hasiera
BAIKARA aldizkarian Lezoko Eskola Kiroleko lehen pausuak notizi izan ziren.
Berri hori hobeto ikusteko; BAIKARA aldizkariko alea

 

Bizitzaren alderdi guztietan bezala, estrukturak dinamika propioa hartu zuen, bere tamaina handitu eta hobetzen jarraitu nahi horretan aurreikusten genituen arazo edo traba nagusiak mahai gainean jarri ziren. Aurkitzen genituen arazo nagusienak beste hainbeste lekuetan bezala, begiraleen gaztetasuna eta formazio eskasa, aurrekontu urriaren ondorio ordainsari txiki eta begiraleen ezegonkortasuna, euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa eta kirolaniztasuna era egokian lantzeko zailtasunak ziren besteak beste.

Hau honela, jada osatua genuen Lezoko eskola kiroleko batzordeak (Herri eskola-Lezo Institutua- Hezikuntza guraso elkartea-Udala-eskola kiroleko koordinatzailea) ematen zigun indarrean eutsita, udalak apustu ekonomiko handia egin zuen eta estrukturaren profesionalizazioari ekin genion (beharrezkoa izan zen ajente ezberdinek egiten zuten diru ekarpenen igoera, kuotak barne). Hiru urteko epean eskola kiroleko koordinatzaile eta begiraleak kontratupean lan egitera pasa ziren; hau honela, lan egiteko profilak finkatu ziren gure lan taldearen eragin pedagogikoa eraginkorragoa izan zedin.

Teknikari lan talde honek, saioak zuzentzeaz gain, saioak prestatzeko eta eztabaidatzeko lanorduak baita estruktura osoari buruz eztabaidatzeko tarteak jasoak dituzte bere lan egutegian. Hortik aurrera, lorpen eta hanka sartzeak tartekatuz, uste dugu gure lanak gora egin duela; herri eskola eta institutuko ikasleek kalitatezko zerbitzua jasotzen dute eta ikuspegi irekiko kirol hastapen proiektuan ematen dituztela beraien lehen urratsak.

Eskola kiroleko teknikarien eta herri eskolako eta institutuko ordezkari ezberdinen harremana jarraia da; modu honetan haurren edozein egoerari koordinatutako erantzuna eta atentzioa eskaintzen zaio eta saiatzen gara ditugun baliabideak era egokienean erabiltzen.

Egiten dugun lan guztia epe luzera bideratua dago (gaur egungo ohiturekin alderatuz eta hamaika eztabaida izanik beste termino batzuetan lan egiten duten horiekin); eta nahiz eta hasieran bai gazte eta gurasoen artean kezkak sortu, uste dugu gaur egun filosofi hezitzaile eta emankorra epe erdira, ondo barneratu dutela proiektuan parte hartzen duten guztiek eta gehiengoa gustura dagoela gure lan eredu honetan.

Bere garaian arazo bihurtu zitzaigun nesken parte-hartzeari buelta eman genion eta egun neska ugari dugu kirol jardueretan parte hartzen. Esan behar da ere, hizkuntza erabilera arloan bilakaera positiboa izan dela (inguruko joeren kontra) eta euskara gehiago erabiltzen dela aurren artean (begirale-haur erabilera bermatua dago %100an hasieratik, lan baldintza bat den aldetik) D ereduko ikastetxe hauen jarduera osagarri honetan.

Lezoko eskola kirolari emandako gain-begirada honekin amaitzeko, zein helbururekin lan egiten dugun eta lau datu (hauek ez ditugu helburu) emango ditugu.

Eskola kiroleko batzordean honako helburu nagusia finkatua dugu:

“Lezo Herri Eskola eta Lezo Institutuko ikasleei kirol hastapena prozesu erakargarri eta integratzailea eskaintzea, non:

  1. Jarduera fisiko mota ezberdinak ezagutzen dituzten
  2. Kirol modalitate ezberdinak ezagutzen dituzten
  3. Kirola eta kirol hastapena ikuspuntu hezitzaile batetik jasotzen duten
    1. Lezo Herri Eskolak eta Lezo Institutuak lantzen eta helburu dituzten baloreekin bat egiten duen
    2. Bizi ohitura osasuntsuak bultzatzen diren
    3. Eskolaume guztiek lekua duten
    4. Ikastetxeak D eredukoak izanik, euskararen  erabilpena bermatu eta bultzatzen den
    5. Jarduera fisikoari afinitatea lortzea bilatzen den.”
Bestetik aipatu 2013-2014 ikasturtean
Aurrebenjaminen bi talde (kirol jolasak jarduera eskaintzen zaie).
Benjaminen nesken talde 1 eta mutilen 3 talde.
Alebinen nesken bi talde eta mutilen 4.
Infantilen saskibaloiko nesken 2 talde ditugu.  
Eskola kiroleko proiektuan 190 haur inguru daude. Lehen hezkuntzan parte-hartzea %60ren inguruan dabil.