EUSKARAREN BOTILA BETETZEKO HAUSNARKETA PROZESUA

Nola dago euskararen botila? Erdi beterik ala erdi hutsik? Jon Sarasuak galdera hori luzatu zuen Udako Unibertsitateko ikastaro batean. Geroztik lau urte igaro dira baina galderak ez du interesik galdu. Lezo Herri Eskolako guraso talde batek botila erdi hutsik ote dagoen kezkaturik zerbait egin beharra nabaritu du. Herri Eskolan bizitzen ari diren hizkuntza errealitatea ez dute oso gustuko eta aldatzea gustatuko litzaieke. Egoera aztertzeko hausnarketa prozesu bat abiatzea interesgarria litzatekela ikusirik, Eskolako Zuzendaritzarekin hausnarketa prozesu bat abiatzea adostu zuten eta horretan laguntzeko Urtxintxak diseinatutako hiru hausnarketa saio garatu dira.

Prozesu parte-hartzaile honetarako hiru helburu zehaztu ditugu. Batetik, Lezo Herri Eskolaren hizkuntza errealitatearen azterketa egin nahi izan dugu guraso eta hezitzaile batzuen pertzepzioetatik abiatuta. Bestetik, hausnarketa prozesuaren parte-hartzaileek aldatu edo hobetu nahi duten egoera zein den zehaztu nahi genuke. Azkenik, Lezo Herri Eskolaren euskararen erabilera handitzeko programa edo ekintza sorta bat pentsatu eta planifikatu nahi dugu.

Otsailaren 11-n abiatu genuen hausnarketa prozesua. Hamasei guraso eta irakasle hurbildu ziren eskolako liburutegira eta dinamika ezberdinen bidez Lezo Herri Eskolan euskararen egoeraren diagnostikoa egin genuen. Horretaz gain, lehen egun horretan  aldatu nahi den egoera zehaztu zen ondorio nagusi bat ateraz: “gure seme-alaben euskararen erabileran eragin nahi dugu. Euskaraz aritzeko aukerak handitu nahiko genituzke”. Hori lortzeko ondorengo aldagaietan eragiteko beharra ikusi zen: hizkuntzaren prestigioan eta kalitatean, eskolak hizkuntza kudeaketa egiteko dituen tresnetan eta familien hizkuntza ohituretan.

Abiapuntu horrekin, otsailaren 25ean bigarren saio bat burutu genuen euskararen presentzia handitzeko egin daitekeena irudikatzen hasteko. Bertaratutako guraso eta irakasleen sormenaren bidez eskola barruan, familietan eta aisialdian eragiteko proposamen ugari zerrendatu genituen. 

Azken saioan, martxoaren 25ean, ideia guzti horiekin plangintza bat osatu genuen.  Epe motz eta ertainean Lezo Herri Eskolaren euskararen erabilera handitu nahi dugunez, programa bat diseinatuz, eskola komunitate osoaren laguntzarekin lanean hasteko.

Zuk ere proeiktu honetan sinesten baduzu eta parte hartzeko prest bazaude, zatoz ekainaren 3an, asteazkena, arratsaldeko 17:00etan, Gezala Auditoriumean egingo dugun saiora. Bertan, orain arte egindako pausuak azalduko ditugu eta hemendik aurrera egin nahi diren urratsak zehaztu. 

Izan ere, Jon Sarasuak euskararen botila nola dagoen galdetu zuenean, erantzun bat ere eman zuen. Sarasuaren ustez, euskararen botila zuloz betea dago, hau da, betetzen den heinean hustu egiten da. Lezo Herri Eskolan garatzen ari garen hausnarketa prozesu honetatik abiatuko diren proposamen eta dinamika berriekin eta guztion laguntzarekin zulo guztiak ixten saiatuko gara euskararen botila, behingoz, erabat betetzeko.