Hezikuntza 23 aldizkaria iritsi da!

Hezikuntza_23_azalaEsku artean duzue Lezoko Hezkuntza Publikoaren urteroko aldizkaria. Bertan topatuko dituzue gure ikasle, langile eta irakasleen argazkiak, baita egunerokoan egiten diren hainbat lanen berri ere.

Gure hezkuntza ez dago hodei batean, herrian txertatuta baizik; hori dela eta, herritarren sormen eta lanetik jaiotako ekimen ugariren berri izango duzue aldizkari honetan: oin, esku, gerri eta behar den guztia mugitzen duten dantzazaleen berri, joaldunen nondik norakoak, Euskara Talaiaren egitasmoak, Zabarre eta Trapujaleren gorabeherak… Oraingoan, ikasle ohi pare bati ere eskatu diogu beren ekarpentxoa egitea, eta zein ederra den zerbait egitea eskatu eta, baietza ez ezik, eskerrak ere jasotzea (mila esker zuei ere, neskak). Halaber, beste gauza askoren artean ere, kanpotik etorritako ama baten esperientziak irakurtzeko aukera izango duzue, fresko-fresko kontatu baitigu nola ari den euskara ikasten.

Ezusteko berezi bat ere badugu, herensugea hurbildu baitzaigu aurtengo aldizkarira. Guregana iristeko muga asko gainditu behar izan baditu ere, ez dira izan polizia, militar zein dirudunek siriar iheslari eta errefuxiatuei jartzen dizkietenak bezain zorrotz, irmo eta hiltzaileak. Jolas bat proposatu nahi dizuegu herensugearen bidez: bakarka, binaka edo familiaren laguntzarekin aldizkaria arretaz eta tentuz irakurtzea eta herensugeak topatzea. Edonon topa ditzakezue; agian, mantal baten poltsikoan, irakasle baten buruan edo haren gorputzaren leku bitxiago batean, letraz inguraturik… Begi-zorrotz eta ikerlari bihurtu une batez, eta, nork daki, saria zuena izan daiteke. Lehen saria, denak topatzea izango da, eta uste dugu horrek pozez beteko zaituztetela. Ondoren, pozik zaudeten guztien artean egingo dugu zozketatxoa. Kontuz herensugeen ahoekin! Paperezkoak badira ere, gehiegi hurbiltzen bazarete, garren berotasuna sumatuko duzue.

Hezikuntza 23 aldizkari osoa pdf formatuan.

Aurreko urteetako aldizkariak hemen